sistema experto
- 1. Inform.
Jakintza-arlo espezializatu bateko problema konplexuak ebazteko pertsona aditu batek jarraituko lukeen prozedura simulatzen duena programa edo sistema, adimen artifizialeko tekniketan oinarritzen dena.
- 1. Inform.
- Jakintza-arlo espezializatu bateko problema konplexuak ebazteko pertsona aditu batek jarraituko lukeen prozedura simulatzen duena programa edo sistema, adimen artifizialeko tekniketan oinarritzen dena.
Sistema aditua Edit
Egilea: Ana Arruarte
Arloren batean jakintsu diren pertsonen portaerak emulatzeko gai diren ordenagailu-programak dira sistema adituak. Adimen Artifizialeko arlo bat osatzen dute, eta gizaki adituek arlo espezializatuetan ebazten dituzten problemak ebazteko gaitasuna erakusten dute. Adituaren produktibitatea hobetzea dute helburu; kalitatean irabaziz eta erantzun-denboran aurreztuz egiten dute hori.
Aditua arlo konkretu bateko ezagutza zabala eta zorrotza duen pertsona edo pertsona-taldea da. Jende gehienak ebatzi ezin dituen problemak ebazteko gai da, eta modu eraginkorrean ebazten ditu, gainera. Lehenengo sistema adituak 1960ko hamarkadan sortu ziren. Garai hartako adibide ezagunenak MYCIN (gaixotasun infekziosoen diagnostikorako) eta DENDRAL (mineral-prospekziorako) ditugu. Sistema haiek jasotzen zuten ezagutza adituarena baino ez zen. Gerora, berriz, sistema adituen teknologia erabiltzen duen edozein sistemari esaten zaio sistema aditu. Sistema adituen teknologiak —lengoaiak, programak eta hardwareak, besteak beste— laguntza eskaintzen du sistema adituak diseinatzeko, baita haiek kudeatu eta exekutatzeko ere. Ezagutzari dagokionez, adituaren ezagutzaz gain, beste zenbait ezagutza-iturriz ere baliatzen dira egun: liburuak, aldizkariak, datu-baseak, amarauna, etab.
Sistema aditu eta ezagutzan oinarritutako sistema sinonimotzat erabiltzen dira askotan. Ezagutzan oinarritutako sistemak ezagutza-kantitate handiak kudeatzeko metodoak dauzkaten sistemak dira. Hori horrela, sistema aditu eta ezagutzan oinarritutako sistema terminoak bereizteko gakoa ezagutza jasotzeko iturria da. Sistema adituak aditua den pertsona edo pertsona-talde batengandik baino ez du jasotzen ezagutza; ezagutzan oinarritutako sistemak, aldiz, edozein iturri onartzen du.
Sistema aditu batek hiru osagai nagusi ditu: laneko memoria, ezagutza-basea eta inferentzia-motorra.
Laneko memoriak, sistema ebazten ari den problemari buruzko zer informazio lortu duen, hura gordetzen du; hau da, problemari buruzko informazio dinamikoa.
Ezagutzaren errepresentazioari dagokionez, sistema adituek hainbat teknika onartzen dituzte —produkzio-erregelak, objektuak, sare semantikoak, eskemak, markoak eta logika—, baina produkzio-erregelak erabiltzea da ohikoena. Produkzio-erregeletan oinarritzen diren sistema adituetako ezagutza-baseari produkzio-memoria ere esaten zaio. Produkzio-memorian informazio iraunkorra gordetzen da, hau da, sistemak ebatz ditzakeen problema guztiek dituzten ezaugarri komunei buruzkoa.
Azkenik, ziklo bakoitzean zein erregela exekutatuko den erabakitzen du inferentzia-motorrak edo interpreteak. Bi fasez osatutako ziklotan egiten du lan, laneko memoria eta produkzio-memoria oinarritzat hartuz. Lehenengo fasean —ebaluazio-fasea—, zikloan exekutatuko den erregela bakarra hautatuko du. Zikloan erregela bat baino gehiago exekutatzeko aukera baldin badago, kontrol lokaleko estrategia desberdinak erabiliz erabakiko du lehentasun handieneko erregela zein den. Bigarren fasean —exekuzio-fasea—, hautatutako erregela exekutatuko du. Berez, horrela jarraituko du exekutatzeko inolako erregelarik gabe geratu arte. Erregeletan oinarritutako sistema adituetan, kontrol globaleko estrategia deiturikoa da garrantzi handia duen beste aspektu bat. Zer arrazoibide-mota erabiliko den adierazten du: aurreranzko arrazoibidea ala atzeranzko arrazoibidea. Aurreranzko arrazoibidean datuek agintzen dute, eta erregelak ezkerretik eskuinera exekutatzen dira. Baldintzak betetzen badira, ekintzak burutu egingo dira. Atzeranzko arrazoibidean, berriz, helburuek agintzen dute, eta erregelaren eskuinaldeak hartzen du indarra. Erregelaren eskuinaldeko helburua beteko bada, beharrezkoa izango da ezkerraldeko azpihelburuak betetzea.
Egundaino, kategoria askotako sistema adituak garatu dira: helburutzat interpretatzea dutenak (irudien analisia, finantza-inbertsioak, hizketa ezagutzea), aurreikustekoak (eguraldia, trafikoa, burtsa), diagnostikatzekoak (medikuntza, errore-detekzio elektronikoa), diseinatzekoak (zirkuitu elektronikoak, eraikuntza, automobilak), planifikatzekoak (inbertsio-proiektuak, plangintza militarra), monitorizatzekoak (zentral nuklear eta lantegi kimikoetan), erroreak araztekoak (software-programak, zirkuitu elektronikoak, sistema informatikoak, automobilak), ikasi eta irakastekoak (esperientzian oinarritutako ikasketa/irakaskuntza, erroreen zuzenketa), kontrolatzekoak (estrategia militarra, aire-zirkulazioa) eta beste.
Sistema adituen abantailen artean, honako hauek dira nagusiak: ezagutzaren mantentzea, problema konplexuak ebazteko teknika aproposa izatea, helburu desberdinetara egokitzeko gaitasuna eskaintzea, ziurgabetasunaren tratamendua ahalbidetzea, arrazoibidea azaltzeko gaitasuna ematea, fidagarritasuna eta, azkenik, modularitatea. Desabantailen artean, berriz, hauek nabarmentzen dira: adituen ezagutza eskuratzeko zailtasuna, lortutako ezagutza beste helburu batzuekin berrerabiltzeko zailtasuna, sormen- eta zentzu-gabezia, eta, azkenik, egoera berrietara egokitzeko zailtasuna.